Mikel Mendibil

Mikel Mendibil acabando un mural participativo

Dirudienez oso txikitatik plastika, marrazketa edota irudigintza betiko bidaide izango nituela igarri zitekeen. Luze egoten nintzen margotzen, batzuetan jostaldian ere, eta goiz hasi nintzen lehiaketetan ondorioak sari moduan jasotzen. Arte Ederrak Leioan eta Atenasen ikasteko aukera izan nuen; bizipen itzela. Eta lizentziatu ahala ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko bezala lanean hasi nintzen. Horrez gain, multimedian aritu izan naiz ere (web, bideo, animazioa eta app interaktiboa). Bestetik, fakultatetik atera nintzenetik tamaina handiko margoak sortu ditut eta Xabier Morras bezalako artistekin elkarlanean aritu naiz proiektu ezberdinetan.

Lehenengo hormakoak Intsumisio mugimenduak institutoan harrapatu ninduenean margotu nituen. Beraz, hasieratik kutsu soziala izan dute. Erakusketak ez ditut oso gogoko; adierazpen grafikoak ahal den heinean kalera ateratzea nahiago dut eta hormako auzolana biderik aproposena iruditzen zait. Gure ingurua egokitzea hobeki bizitzea ahalbidetzen digu. Prozesuan parte hartzeak emaitza gurea sentitzea eragiten du. Elkarrekin lan egiteak gure arteko loturak indartzen ditu. Eta sekulako garrantzia dauka komunitate baten parte sentitzea; agian inoiz baino gehiago.